XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

AZKENIK, arratsaldeko zazpiak aldean, Beñaten gurasoak kalera irten ziren.

Etxe barrenean isiltasuna eta bakardadea nagusitu ziren arren, lehentxoago beren ohizko eztabaida ttikietan jardun zuten: Laster komun berri bat beharko duzu zeuretzat bakarrik, Larunbata izanik, ez duzu pentsatuko alkondara horrekin irtetea, ala?, Gasa itxi al duzu?, eta abarren abarra.

Atearen danbatekoa entzun aurretik, ostera, azken hitzak semearentzat izan ziren:

- Ea ba, Beñat, tarte honetan asko ikasten duzun.

Agur.

Baina Beñat asper-asper eginda zegoen, izan ere zerbait gorrotatzen bazuen, horixe asteburuetan ikasi behar izatea zen.

Hargatik utzi zuen bertan behera Gizarteko liburua eta hargatik abiatu zen gurasoen logelarantz.